XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denbora joan eta denbora etorri, azkenean, Patxiri ere heriotzako ordua iritsi omen zitzaion.

Hil zenean, mailu bat, burruntzi bat eta alikateak hartu eta, infernura joan zen.

- Dan, dan, dan - jo zuen infernuko atea mailuaz.

- Nor da?- hotsegin zioten barrendik. - Patxi errementaria - erantzun zien.

Hau entzutean, deabru guztiak ateari eustera bildu ziren, Patxi errementaria sar ez zedin.

Deabru bat, ezagutuko zuela Patxi errementaria zen edo ez, eta atezulotik begira jarri omen zen.

Patxik burruntziz begia atera zion.

Beste batek, hitzetik ondo ezagutuko zuela eta, belarria jarri zuen atezuloan.

Patxik alikatez belarria atera zion.

Azkenik, infernuak ez zuela bada hartzen eta zerualdera joan zen Patxi.

Jo du zeruko atea, eta San Pedro irten. Ea zein zen galdetu zion San Pedrok. - Patxi errementaria - erantzun zion.

San Pedrok ez zion sartzen utzi nahi.

Andre zahar bat azaldu zen orduantxe ate ondoan.

Patxi errementaria ikusi zuenean zeharo larritu zen, eta beragatik ondo hitz egiten hasi zen; sekulako gizon ongilea izan zela munduan, eta horrelako beste gauza asko.

Orduan San Pedrok atea zabaldu zion eta horrela, orain Patxi errementaria zeruan dago.